Sinaval Eurofishing Azoka ospatu da

Inprimatu

Ozeanoa, aukeraz beteriko itsasoa

Sinaval Eurofishing (apirilak 16-18) Azoka dela eta, AZTI-Tecnaliak "Green Innovation-Blue Growth. Mares y océanos sostenibles" jardunaldia antolatu du. Bertan, Ekonomia Urdina (itsasoa eta bere baliabidei lotutakoa) Europako ekonomiaren garapen eta hazkuntzarako "aukera handi" bat dela azpimarratu da. Bittor Oroz, Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza eta Landa Ingurunearen Garapenerako sailburuordea, izan da jardunaldia irekitzeaz arduratu dena hazkunde ekonomikoan arrantzak duen ekarpenari buruzko hitzaldi batekin.

Itsas Politika Integratua bultzatzeko Europako Batzordeak ezarritako bost sektore estrategikoetan zentratu da jardunaldia. Ardatz hauek itsas-turismoa, itsas-mineralen baliabideen estrakzioa, akuikultura, itsas-bioprospekzioa eta itsasoko energia berriztagarriak dira.

Ekonomia urdinaren barruan aurrera eramaten ari diren ekimen lokalak erakusteko balio izan du jardunaldiak: itsas zabaleko akuikultura, arrantza jarduera bideragarri eta iraunkor gisa, itsaso eta kostaldeko aisialdia, edo itsas-baliabide biologiko berrien bilaketa.

Azpimarratzekoa da, Lea-Artibai eskualdeko enpresak esperientzia ezberdinetan akuikulturaren aldeko apustua egiten ari direla (Europan osoko hedapena izaten ari den sektorea). Adibideetako bat, AZTI-Tecnaliak garatutako proiektua da: Ondarroako kostan itsaso zabalean moluskuen hazkuntza eta gizenketa; eta beste proiektua, INNOVACTek zuzenduta, enpresa eta Arrantzale Kofradiek osatuta, itsas zabalean arrainen gizenketarako urperatutako kaiolen prototipoa garatzeko.