HARPIDETZA

Sare sozialak

Blue Economy jardunaldia - Iritziak -

Kontuz, leiho berrian zabalduko da PDF fitxategiaInprimatuE-posta

JAVIER BAZTAN. EIKA S.COOP.eko bazkidea

Nire ustez Blue Economy kontzeptua hemen izen horrekin ezagutzen badugu ere, beste leku batzuetan beste izen batez ezagutzen da, baina bere jatorrizko ideia egokia da, are gehiago, gaur egun dugun eta etorkizunean etorriko den gizartearentzako oso aproposa. Metodologia honek giza-aspektuak hartzen ditu kontutan, ez bakarrik diruari lotutakoak: dirua gizakiaren zerbitzura jartzen du, eta ez alderantziz, baina batak bestea gabe ez duela funtzionatzen ulertuta eta ahalik eta gehien armonizatuta bizi behar direla jakinik (beti ere honen zailtasunak ezagututa, ezin gara axolagabeak izan).

Helburuei dagokionez, hankak lur gainean jarri behar dira (produktuak, zerbitzuak, salmentak...) baina beti aipatu dugun armonizazio horren iparra galdu gabe. Nik beti gehituko nioke "malabarista" kontzeptua ekimen ezberdinen gestore edo koordinatzaileei buruz ari naizenean, giza faktorea eta errentagarritasun/monetizazio faktorearen arteko balantza izango baita hauen arrakasta globalaren giltza.

Lea-Artibaiko inguruarentzako filosofia ona izan daiteke hau, tokiaren idiosinkrasiarekin bat datorrela uste dut (oraindik gutxi ezagutzen badut ere), eta hau ez da ezagutzen ditudan leku eta gizarte guztiei buruz esango nukeen zerbait. Hemen hain errotuta dagoen kooperatiba fenomenoa, bere gabezia eta bertuteekin, Blue Economy Lab bezalako filosofietan oinarritutako negozio ereduak inplementatzeko ongi ureztatutako lursoru moduan erabili daiteke. Dena dela, onurazkoa dena hartu eta toki bakoitzean obsesio gabe egokitu behar dela uste dut, paranoiarik gabe, gauza guztiek baitute bere alderdi ona eta ez hain ona, eta toki eta jende batentzako egokia den zerbait ez da derrigorrez beste batzuentzako ere ona izan behar. Gainera, badira beste filosofia eta egiteko forma ezberdinak bide hauek eta beste berri batzuk esploratzea ahalbidetzen dutenak. Baina edoizen modutan, PERTSONEN KOMUNITATEAK + EKONOMIA + ENERGIA + INGURUMENA + JASANGARRITASUNA + TRADIZIOA bateratzen dituen formula, ongi prestatuz gero, gaizki ateratzea oso zaila dela berretsi nahiko nuke; gehitu daitezkeen osagai gehiago ere badaude edota dagoeneko ditugunen bikaintasuna bilatu dezakegu (nik pertsonalki, KOMUNITATEA kontzeptu erreala azpimarratuko nuke), baina hemen ditugun hauek apartak dira.


AMPARO KAREAGA BERA-KRUZ IKASTOLAKO Zuzendaria

Errealitate ekonomikoa beste era batera ikusi beharra baino ez daukagula digute ekonomia urdinaren bultzatzaileek. Gunter Pauliren hitzaldiak mezu berriak aurkeztu zizkigun duela egun batzuk Azaro Fundazioak antolatutako ekitaldian. Hezkuntzan ariturik ikasleei filosofia hori transmititu diezaiekegu berak idatzita dituen fabulak landuz. Fabulok, fantasia eta zientzia uztartzen dituzte eta adin guztietan landu daitezke. Uste dut Ikastolatik "Blue Lab Lea-Artibai"ren ildo nagusiei egin diezaiekegun ekarpen xumea, etorkizuna  diren ume eta gazteei lehen sektoreaz izan dezaketen ikuspegi aldaketa lantzea dela.

Amparo Kareaga


JESUS EGIA Kolaboratzailea, mentorea

G. Paulirekin izandako topaketa guztietan bezala, jardunaldi hau ere oso interesgarria iruditu zait. Are gehiago, Blue Economy kontzeptuaren inguruan sakondu ahala garapenerako aukera gehiago existitzen direla konturatzen zara, bizi garen mundu honekin askoz ere koherenteagoak gainera. Berritasun guztietan bezala, honek ere errotutako interes garrantzitsuei aurre egiten die, baina oinarrizko heziketatik abiatuz gizartean barneratzeko kontzeptu erraz bat dela esango nuke, batez ere, esperientzia anitzetako ikuspuntua duelako. Kultura kontu bat da.

Lea-Artibai eskualdera lan postu berriak ekarriko dituen? Galdera horri erantzutea zaila egiten zait. Horretarako, kultura honetan integragarriak diren negozioak identifikatu behar dira. Niri ikuspegitik, hezkuntzarekin lan egitea garrantzitsuagoa da, eta esperientziaren batekin aurrera pausuak eman badaitezke, epe erdi-luzerako euskarriak izango ditugu.


MIKEL ANSOTEGI Aulestiko alkatea

Jardunaldia oso interesgarria izan da, gainera, kanpoan martxan jarritako adibide errealak izateak, asko laguntzen du lan egiteko modu berritzaile hau errealista dela ikusarazteko. Gaur egun, lan merkatua oso geldirik dago, enpresak deusezten ari dira, beraz, ikuspuntu berritzailea sartzea ezinbestekoa da. Kasu honetan, ikuspuntu berritzaile eta oso ekologikoa da proposatzen dena, dauden soberakin guztiak aprobetxatuz eta alor batetik etekinak atera beharrean, hiru lau alorretik etekinak atereaz, azken batean, errekurtsoak optimizatu egiten dira. Modelo ekonomiko honek izan behar du etorkizuna, beraz, oso ondo eta ezinbestekoa deritzot beroni heltzea.

Bestalde, Lea-Artibain enplegua sortu eta  mantentzeko estrategia ona dela deritzot. Ikuspuntu berritzailea da eta aurretik aipatu bezala, errekurtso denak aprobetxatu eta hainbat alorretatik lortzen dira etekinak. Honek enplegua mantendu eta sortzeko balio dezake, batez be, mentalitate aldaketa bat duelako barnean eta niretzat honen bidez eman behar ditugu pausuak aurrera, eta horrek etekinak emango ditu etorkizunean.


KOLDO GOITIA Lekeitioko alkatea

Gunter Paulik bultzatzen edo erabiltzen  duen metodologia, Azaro Fundazioa azken urteotan  lantzen ari den estrategia eta apustua sendotzeko baliogarria dela deritzot.
 
Berrikuntzan oinarrituta,  gure eskualdeak eskaintzen dizkigun aukerak,  bertokoak,  enplegua  sortu eta gure ekonomiaren dibertsifikazioa bultzatzeko tresnak dira. Gunter Paulik erabiltzen duen metodología eskualde honetan aplikatzea interesgarria ikusten dut.  Europan eta munduan dauden hainbat esperientzia ezagutu, emaitzetatik ikasi, eta posible den heinean, gure eskualdeko errealitatera egokitzea onuragarria izango litzateke. Gunterrek behin eta berriro adierazi zigun bezala, ilusioz, lanaz eta ekinez, dena posible dugu. Benetan interesgarria.



JAIONE GANZARAIN Mekanika eta Ekoizpen Industrialeko Saila  
Goi Eskola Politeknikoa - MONDRAGON UNIBERTSITATEA

Blue Economy ekonomia eredua filosofia paregabea iruditzen zait, gaur egungo tokiko gaitasun eta ezagutzetatik abiatuz, ideia eta aukera berriak proiektu berritzaile bihurtzeko prozesua sustatzeko. Honez gain, eskualdeko sektore traktoretik abiatuz, bigarren eta hirugarren sektoreetan enplegua suspertzeko ezinbesteko metodologia dela ziur gaude. Eta hau oinarri bezala hartuz, sektore hauetan isladatuko litzatekeen lanpostu berriak eta ekonomiaren planteamenduaren inguruan hausnarketa berri bat egiteko aukera aproposa izango litzateke.

Eredu ekonomiko berri baten atean gauden heinean momentu egokia da metodologia berri hau ezartzeko, gure negozioetako outputak beste negozio berrien input bihurtzeko eta baliabide guztien gehienezko potentziala ateratzeko. Honek tokiko enpresen berrindustrializazioa ekarriko luke bai lan egiteko moduan eta baita sistema guztian aldaketa esanguratsuak sortuz.

Zihur nago gaur egun Lea-Artibaik dituen gaitasun eta ezagutza bereizgarrietatik abiatuz, aukera ona dela negozio berriak lantzeko eta lanpostu berriak garatzeko.

AGENDA

Azkeneko hilabetea Ekaina 2018 Hurrengo hilabetea
A A A O O L I
week 22 1 2 3
week 23 4 5 6 7 8 9 10
week 24 11 12 13 14 15 16 17
week 25 18 19 20 21 22 23 24
week 26 25 26 27 28 29 30