Paue-ko toki garapenari lotutako proiektu eta esperientziak ezagutzen

Inprimatu

2018ko iraila

Garapen, Euskal Autonomi Erkidegoko Garapen Agentzien Elkartea, hainbat herrialdeetako erakundeekin dago kontaktuan toki garapenean dituzten esperientziak trukatu eta proiektu estrategikoak elkarrekin lantzeko, betiere elkarlana helburu. Oraingo honetan Paue inguruko erakundeek jaso dute bisita, sinergiak identifikatzeko helburuarekin.

Lehenik, Azaro Fundazioak Paue-Bearnoko merkataritza ganbara bisitatu zuen. Bertan, lurraldeko marketin arduraduna  den Hervé Turpin-ek  enpresa berriak eta inbertsioak erakartzeko garatzen ari diren estrategiaren berri eman zien. Bestalde, Communaute d´ agglometaration Pau-Bearn-Pyrenees erakundea ere bisitatu zuten. 31 udalerri eta 162.000 biztanle batzen dituen eremua da Pau-Bearn-Pyrenees eta erakunde honetatik eskualdeko garapen ekonomikoa sustatzeko hainbat egitasmo ari dira gauzatzen eskualdeak dituen eragile estrategiko, unibertsitate, ikerketa zentro eta merkataritza ganbararekin elkarlanean.

Azkenik, Université de pau et des Pays de l´adoureko ikerketa eta transferentzia arduraduna den Christophe Derail eta bertan kokatuta dagoen HELIOPARC inkubategiko arduraduna den Phillipe Mauryrekin solasaldia izateko aukera izan zuten Azaroko kideek. 

Eskualde honetako sektore estrategikoak  energia eta aeronautika dira, bertan kokatuta baitaude gas  eta petrolioarekin zerikusia duten nazioarteko enpresa garrantzitsuak eta baita aeronautikarekin lotutako enpresa estrategikoak ere. Dibertsifikazioari dagokionez kirol munduan ikusi dute  sektore berri bat sortzeko aukera, egun dituen egiturak kontuan hartuta inguru aproposa baita horretarako.

Bereziki aipagarria da tokiko garapenaren inguruan bisitatutako erakunde guztiek elkarrekin lan egiteko duten joera. Bisita profitagarria izan zen dudarik gabe, eta ateak irekita geratu ziren etorkizunera begira proiektuak garatzeko.