Emakumeen eta gizonen berdintasunerako i. plana landu dute azaro fundazioan

Inprimatu

2018ko abendua

Azaro Fundazioan, gizartearekiko konpromiso zuzen eta argia dute. Garapen jasangarriaren aldeko erakundea da eta baita pertsonen berdintasunaren aldekoa ere. Hori dela eta, azken urteetan, ahalegin berezia egin da, kanpo-jardueran genero-ikuspegia txertatzen hasteko eta emakumeen eta gizonen berdintasunaren alde euren alea ipintzeko. Horrela, emakumeen eta gizonen berdintasuna sustatzea helburu duten berariazko programak sortu dira (horren adibide da EMEekin eskualdeko emakume langabeei zuzendutako trebakuntza programa) eta zeharkako programetan genero-ikuspegia aintzat hartzen hasi dira. 

2018an, berdintasunerako politikak modu sistematiko eta antolatuagoan lantzeko urratsak eman dituzte. Horretarako, Elhuyar Aholkularitza, Emakunderen erakunde laguntzailea, izan dute bidelagun. Egitasmoak Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen finantziazioa izan du.

Helburu horrekin, barne mailako egoera aztertu eta kanpo-jardueraren diagnostikoa landu dute. Diagnostikoa osatzeko, langileen parte-hartzea oso garrantzitsua izan da, datu kuantitatiboez haratago, langileek gaiarekiko dituzten iritziak eta pertzepzioak ezagutu eta jaso dituzte. Ondoren, eta diagnostikoaren ondorioetan oinarrituta, Berdintasunerako I. Plana diseinatu dute hurrengo 4 urteetarako, 2019-2022.

 I. Planak bi eragite-esparru nagusi jasotzen ditu:

·       Barrura begira: helburua da erakundean lan egiten duen lantaldea indartzea, langileen asebetetzea hobetzea eta elkarren arteko bizikidetza tratu onean oinarritzea.

·       Kanpora begira: helburua berdintasuna zeharkakotasunez lantzea da, eguneroko lanean genero-berdintasuna kontuan hartuz, bezero eta kanpo erakundeekiko harremana berdintasunean   oinarrituz, kanpo-irudia eta kalitatea hobetuz…

Urtarriletik aurrera, beraz, Emakumeen eta Gizonen I. Berdintasunerako Plana garatzen hasteko lanak abiatuko dituzte.