Formakuntza saioak Lea-Artibaiko ekintzaileentzat

Inprimatu

I 2019ko martxoa I

Azaro Fundazioak bere sorreratik lan egin du eskualdeko ekintzaileei laguntza eskaini eta erraztasunak ematen. Lea-Artibai eskualdeko ekintzaileen bidelagun izan da eta izaten jarraitzea du helburu, horregatik hasi berriei zein finkatutako ekintzaileei beraien ibilbide profesionalean lagungarri izango zaizkion ekintza ezberdinak antolatzen ditu.

Horren adibide dira formakuntza saioak. 2019. urterako “Ezagutza pildorak” deitu dioten hainbat formakuntza saio diseinatu ditu Azarok. Hilero ospatzen diren saio hauek dinamikoak eta praktikoak izaten dira batez ere, eta bakoitzean gai ezberdin bat jorratzen da, beti ere ekintzaileari eta enpresa munduari estuki lotutako gaiak eta aditu batek eskainiak.

Ekintzaileentzat interesgarriak eta baliagarriak izan daitezkeen gaiak izaten dira: bezeroarekin erlazionatutako hainbat gai (fidelizazioa, praktika onak...) planifikazio komertziala, sare sozialak, estrategia digitala, ezberdintzeko gakoak, interneteko segurtasunarekin erlazionatutakoak...

Ostiral honetan, konkretuki, Merkataritza Plana gaia landu dute Grupo Bentaseko Silvia Angueira adituaren eskutik. Silvia Angueirak 10 urtetik gorako esperientzia du merkataritza-aholkularitzan eta formakuntzan. Horrez gain, merkataritza-kudeaketaren hobekuntzarako prozesuen ezarpenean aditua da.