HARPIDETZA

Sare sozialak

RETRACE proiektuko partnerrak Lea-Artibain izan dira Ekonomia Zirkularrarekin loturiko praktika onak ezagutzen

Kontuz, leiho berrian zabalduko da PDF fitxategiaInprimatuE-posta

RETRACEekonomia zirkularreko proiektu europarraren partnerrak Bizkaian izan dira egunotan. Azaroaren 17an, Azaro Fundazioaren egoitza den Markina-Xemeingo Lea Artibai Berrikuntza gunean elkartu ziren eta Ekonomia Zirkularrarekin erlazionatutako proiektu, esperientzia eta praktika onak ezagutu ahal izan ziren. Bertaratu zirenen artean RETRACE proiektuko partnerrak zeuden nagusiki, baina baita Lea-Artibai eskualdeko zenbait herrietako alkateak, Lea Artibai Amankomunazgoko ordezkariak eta stakeholderrak (ekonomia zirkularrarekin lotutako jarduerak garatzen dituzten edo egiteko interesa duten hainbat enpresa eta erakundeetako ordezkariak).

Jardunaldia abiatzeko, proiektuko partner eta stakeholderren aurkezpena egin zen. Honen ostean, Azaro Fundazioaren izenean, Esti Plaza RETRACE proiektuko arduradunetako bat izan zen hitza hartzen lehena. Azaro Fundazioaren egitekoa eta RETRACE proiektuaren helburuak azaldu zituen Plazak eta jakitera eman zuenez, gaur egun Europan zaborretara botatzen diren hondakinen erdia baino gutxiago birziklatzen da erabilpen berrietarako. RETRACE proiektuak Ekonomia Zirkularraren eta Ekonomia Urdinaren printzipioak aplikatzen ditu, hondakinak aprobetxatu eta berriro produkzio prozesuetan lehengai gisa txertatzeko. Proiektu honen azken helburua, hain zuzen,eredu horretan oinarritzen diren politikak sustatzea da.

Azaro Fundazioak duela bi urte ekonomia urdinean oinarritzen den Blue Lab Lea-Artibai egitasmoa jarri zuen martxan eta jardunaldian honen aurkezpena egin zuen Esti Plazak, RETRACE proiektu europarraren oinarriekin bat egiten duen proiektu estrategikoa delako. Diseinu Sistemikoa abiapuntutzat hartzen duen egitasmo honek, tokian-tokiko baliabideak erabiliz eta hondakinak berrerabiliz, negozio-ildo berriak sortzeko hainbat proiektu garatzea bilatzen du, Lea-Artibai eskualdeko enpresen produktibitatea bultzatuz. Era berean, ingurumenarekiko jasangarriak eta ekonomikoki bideragarriak diren negozio eta enpresak bultzatzeko jarraitu behar diren gidalerroak ere ezagutzera eman zituzten Azaroko ordezkariek.

Ostean, kooperatibismoaren inguruan doktoretza tesia egiten ari de Gorka Lizarragak bere lana aurkeztu zuen eta Europako bazkideek arreta handiz jarraitu zituzten beraientzako berezia den enpresa antolamendu honen inguruko azalpenak. Kafea hartzeko tartearen ostean, Lea-Artibai eskualdean Ekonomia Zirkularrarekin erlazionatuta garatu diren praktika onak ezagutzeko aukera egon zen. Izan ere, lau urteko iraupena izango duen RETRACE proiektuan, 5 bazkideen lurraldeetako diagnosi holistikoa garatzeaz gain, lurralde bakoitzeko praktika onak ezagutu eta esperientziak trukatzeko Field Visit-ak egiten ari dira.

Hiru izan ziren aurkeztu ziren Lea-Artibaiko kasuak:

- PRODUKT ON (Juan Mari Totorika)

Lea-Artibaiko Landa Garapenerako Alkartea (LGA) eta Berriatuako Udalaren elkarlanarekin aurrera eramandako proiektu honen helburua, Diseinu Sistemikoan oinarrituta, nekazaritza sektoreko enpresen eraginkortasuna areagotzea da. Egitasmo honek Lea Artibai eta Durangaldeko ekoizleen Gourmet produktuak eskaintzen ditu, Berriatuan duten lokal fisikoan nahiz internet bidez. Proiektua erakargarriagoa egin eta ekonomikoki jasangarri bihurtzea da orain arduradunen erronka, eskola, erresidentzia, jatxetxe era bestelakoetara iritsi asmoz. www.facebook.com/Produkton

- IXI WOOD (Paul Zabala)

Hiru bazkide dituen enpresa honek egurraren soberakinak erabiltzen ditu egurrezko betaurrekoak egiteko. Artisautza eta teknologia uztartzen dituen ekoizpen prozesu osoa beraiek kontrolatzen dute, haseratik bukaeraraino. Gaur egun, negozioa dibertsifikatu egin dute eta egurrezko poltsak eta mugikorrentzako karkasak ere egiten dituzte. Euskal Herriko merkatuaren mugak ikusita, Europako merkatura jauzia ematea da asmoa 2017rako. Webgune honetako Berriak atalean elkarrizketa egin diegu Ixi Wood-eko kideei. www.ixiwood.com

- GAXURE (Maria Jesus Hidalgo, Goine Gaztak)

Goine Gaztak Idiazabal gazta ekoizten hasi zen duela 10 urte inguru, baina irabaziak areagotu eta produktua dibertsifikatzeko Leartikerrengana jo zuten. Gaur egun, jogurtak, gazta onduak nahiz freskoak, mamiak eta bestelako esnekiak ontzen dituzte. Gainera, Gaxure gatzur krema berritzaileaekoizten du enpresa honek. Gazta egiterako prozesuan behar diren esne litroen %80a baino gehiago gatzura bilakatzen da, nutrienteetan oso aberatsa den azpi-produktua da honakoa, baina ingurugiroan inpaktua sortzen duena. Hala, gatzureari irtenbide bat bilatzeko proiektu lez jaio zen Gaxure. www.quesosgoine.com

- COMPO GLOBAL (Alfonso Pardo, SAIOLAN)

Konpostajerako ekipamendua eskaintzen duen negozio ideia honek funtzionamendu desberdineko makinerian oinarritu du bere egitekoa. Darabilten makinak ez ditu goi eta behe parteko hondakinak nahasten eta, horren ordez, mugimendu leunak egiten ditu. Enpresak produktu aukera zabala eskaintzen du, baina egun bi ekipamendurekin ari dira lanean merkatuan. Ekipamendu hauek ez dute beroaren beharrik eta etenik gabe lan egiten dute. Beraz, erabilera erraz, azkar eta etengabea eskaintzen dute. www.compogs.com

Kasu praktikoak ezagutu ostean, arratsaldean, bere jarduera osoa ekonomia zirkularrean oinarritzen duen Bergarako Rebattery enpresara irteera egin zuten RETRACE proiektuko partner guztiek. Bestalde, azaroaren 18an, Bizkaian ekonomia zirkularrarekin lotuta garatu diren ekimen ezberdinak ezagutu zituzten, BEAZ-en Bilboko egoitzan egindako jardunaldian: Bizkaia Innovation Strategy (BEAZ), Blue Lab Lea-Artibai (Azaro Fundazioa) eta Circular Basque Strategy (Innobasque), besteak beste. Hainbat enpresen kasu errealak ere aurkeztu ziren: Barna, Kamaleonik, Koopera... Bestalde, Silvia Barberok, Politecnico di Torino-ko irakasleak, pentsamendu sistemikoaz eta diseinu prozesuetan eta garapen iraunkorrean duen aplikazioaren inguruan hitzaldia eskaini zuen. Imanol Pradales Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomi eta Lurralde Garapen diputatuak eman zion hasiera ekitaldiari.

 

AGENDA

Azkeneko hilabetea Azaroa 2018 Hurrengo hilabetea
A A A O O L I
week 44 1 2 3 4
week 45 5 6 7 8 9 10 11
week 46 12 13 14 15 16 17 18
week 47 19 20 21 22 23 24 25
week 48 26 27 28 29 30

Hurrengo Ekitaldiak

2018 azaroak 15
Visio biltzarra 2018